Goian

Facebook
Twitter
Youtube
Instagram

2017-2018 ikasturteko programazioa martxan!

agosto 29, 2017 Sarea

GOIAN 2017-18rako PROGRAMAZIOAREN AURKEZPENA (Abajo en castellano)

Datorren Urriaren 2tik aurrera, martxan jarriko da berriz ere Goian proiektua Gasteizko Alde Zaharrean. Auzo ikuspegia duen gizarte hezkuntza proiektua da gurea eta Alde Zaharreko elkarbizitza hobetzea du xede. Aniztasuna egitate gisa ulertzen dugu. Anitzak gara berez, eta aniztasunaren ukapena edo/eta aniztasunarekiko murrizketa da desberdintasunen (ez diferentzien) oinarria. Hori oinarri harturik, gure auzoaren errealitatean oinarritu eta elkarbizitza sustatu eta praktikatzea dugu helburu. Parte-hartzea, euskara, hezkidetza, kultur aniztasuna eta elkar zaintza dira gure lan ardatzak.

Goianen hamabigarren ikasturte honetan auzoko bazter guztietan izango gaituzue. Txikienentzako jolas eta jarduerak Landatxoko polikiroldegian, Auzolana Pilotalekuan eta gizarte-etxean; futbol, saskibaloi eta pilota partidak asteburuetan; umeek beraiek prestatutako emanaldiz eta jardueraz osatutako ospakizunak auzoan, etab.

Azken urte hauetan bezala, Udalak eta Goian Kirol eta Kultur Elkarteak sinatutako hitzarmenaren bultzada ekonomikoarekin hasten dugu ikasturtea eta horrek proiektuak egonkortzeaz gain, erronka eta helburu berriei heltzeko aukera ematen digu.

Ikasturte honetarako kirol eskaintza zabala dugu, besteak beste, areto-futbol eta saskibaloi taldeak, jolas hezitzailea, kirol anitza, psikomotrizitatea, aerobic gimnasia eta pilota eskola. Baita kultur arloan ere: Zirkoa, margolaritza edota musika tailerra esaterako. Teknologiara gerturatzeko apustuarekin jarraitzen dugu aurten, auzoko gazteak blogak erabiltzen ikasteko edota bideogintzan eta irratigintzan hastapenak egiteko, horretarako Saregune eta Hala bedirekin elkarlanean arituko gara berriz ere. Eta urtero bezala, txangoak, ekintza bereziak eta auzoko saltsa desberdinetan parte hartzeko aukera zabala!

Bestalde,18 urtetik gorako bizilagunok elkartopatzeko programazioa osatu dugu eta beraz, helduok ere izango dugu auzoan elkar ezagutzeko parada sukaldaritza tailer, haziera talde, futbol talde edota emakumezkoentzako gorputz adierazpen tailerraren bitartez.

Proiektuaren inguruko informazioa jaso nahi izatekotan, Alde Zaharreko auzokide izan ala ez, posta elektronikoa erabil dezakezu harremanetan jartzeko (goian@goian.org) edo, zuzenean, Gasteiz Txiki Auzokideen Elkartearen egoitzatik pasa (Eskola kalea, 9).

Informazio guztia aurkituko duzu gure atarian www.goian.org

AUZOAN JOLASTU, AUZOAZ GOZATU!

 

 

Goian eskuorri2017-2018