Goian

Facebook
Twitter
Youtube
Instagram

Haurren auzoa proiektuaren harira…

November 29, 2019 Sarea

Haurren auzoa ekimenetik testu hau zabaldu nahi dugu, igandean El Correok argitaratukoaren harira…

HAURREN AUZOA ETA PLAN HANDIA

Haurren Auzoa ekimeneko kideek harriduraz irakurri genuen igandean Etxauri plazako, edo auzoan duela zenbait urte izendatu genuen moduan, Rafa plazako proiektua ezagutzera ematen zuen berria.

Hiru urte luze iraun dituen, eta oraindik amaitzeke dagoen, partaidetza-prozesuaren ondorioen berri eman zuten atzo zenbait hedabidek. Jendaurrean jakitera eman zuten, nahiz eta oraindik ere adostu gabe geneukan nola helaraziko genien hau guztia parte hartu duten pertsonei:
Ramon Bajoko eta Goian elkarteko familiei, plazako bizilagunei eta abarri. Haurren Auzoa ekimenean beti saiatu izan gara prozesua zaintzen, eta informazioa kudeatzeko modua eta auzoari ekarpena itzultzeko modua garrantzitsuak ziren guretzako. Baina gobernu-taldeari ez zaio horren garrantzitsua iruditu, nahiz eta azken auzogunean bertan izan ziren, hain zuzen ere, gai hau jorratu zenean.

Haurren Auzoa ekimenak garatu duen proiektuan, Ramon Bajo eskolako 194 haurrek, irakasleek eta Goian elkarteko 31 kidek hartu dute parte aktiboki. Bigarren maila batean, hobekuntzak planteatzeko aukera proposatu zitzaien Aurora eta Arquillos egoitzetako 37 pertsona adinduni, 20 gurasori, zenbait emakume-elkarteko 36 emakumeri, auzoko elkartegintza-mugimenduko 45 pertsonari eta dibertsitate funtzionaleko elkarteetako 14 auzokideri. Proiektua gauzatu ahal izateko, beharrezkoak izan dira: 25 boluntario, dinamizaziolanetarako; 6 psikomotrizista boluntario; eta Nondik arkitektura-estudioaren zein Txatxilipurdi elkartearen akonpainamendu teknikoa. Hiru urte luze sarean lan egiten, baina txintik ez, aipatu ere ez dute egin.

Prozesuaren informazio guztia landuz proiektu bateratu bat aurkeztu zen publikoki auzoan duela urte eta erdi pasatxo. Proiektu honek hiru jolas espazio eraldatu eta lotzen zituen, auzoko hiru plaza. Udalari ere aurkeztu genion eta honen erantzuna, Rafa plazako eraldaketa aurrera eramateko prestutasuna zegoela izan zen. Positiboki baloratu genuen ekimenetik, gure proiektu osoa ez bazen ere, beste plaza batzuen eraldaketa garatzen jarrai genezakeen modu desberdinetan gogoa eta indarra egotekotan.

Edozelan ere, gure proiektuaren xedea ez zen auzoa modernizatzea. Jende hau guztia endredatu genuenean, haurrek Alde Zaharrean duten autonomiaz, topaguneez eta jolasespazioez hitz egitea zen gure asmoa. Eztabaida horretan, uneoro aipatu da trafikoaren gaia ere eta, horrexegatik, martxan jarri ginen, udalari auzokideen behar guztiak bateratuko zituen proposamena egiteko: muinoa oinezkoentzako eremu bihurtzea, betiere, aparkaleku-beharrari erantzunez; karga eta deskargarako ordutegia murriztea, eskola-ordutegiarekin bat etor ez dadin… Biziki proposamen zehatzak, oraindik ere erantzunik gabe daudenak.

Pena ematen digu ikusteak halako ilusioa eragin digun proiektu hau existitzen ez den berealdiko birgaitze-plan baten zati gisa saltzen ari dela; nahigabetu egiten gaitu ikusteak hau guztia erabiltzen ari direla orain, hain zuzen ere, etxebizitza-arloan horren egoera zailak bizitzen ari garen honetan. Eskolan eta Goian elkartean egunero ikusten ari garen moduan, familia ugari beste auzo batzuetara ari dira alde egiten, auzoan alokairurik aurkitzen ez dutelako; beste familia batzuk egoera negargarrian bizi dira, Santo Domingo kalean, esate baterako, baina badaude beste hainbat adibide ere… auzoa birgaitzea aipatzen dugunean, ezin dugu arinkeriaz jardun. Ramon Bajoko guraso-elkartearen, Goian elkartearen, Haurren Auzoa ekimena osatzen dugun pertsonen apustuan kontuan hartzen dira Alde Zaharrean bizi diren pertsonak.

Pozik gaude Haurren Auzoa partaidetza-prozesuaren ondorioz Rafa plazako proiektua aurrera egiten ari delako, baina hau ez da plan handi baten zati, auzoaren lorpena baizik, hezkuntza-komunitatearen lorpena baizik, eta halaxe azaldu nahi diegu auzokideei.