Goian

Facebook
Twitter
Youtube
Instagram

ALDE ZAHARREKO IBILALDI OSASUNTSUAK

March 14, 2024 Sarea

“Alde Zaharrean Elkarzainduz” Gasteizko Alde Zaharreko pertsonen osasuna lantzen dugun gizarte-erakundeen sare komunitarioa da. Lan hau bizilagunekin batera egiten dugu. Honako hauek osatzen dugu Sare Komunitarioa: Alde Zaharreko Osasun Zentroa, Goian, San Prudentzio, Koroatze eta Landazuriko BIZAN sarea, Landatxoko Oinarrizko Gizarte Zerbitzua eta Etxebizitza Komunitarioak.

Saretik uste dugu funtsezkoa dela, alde batetik, justiziaren etika eta eskubideen aitorpen eraginkorra kontuan hartuko dituen lanketa aurrera eramatea, eta bestetik, harreman eta topaketa guneak sortzea,  ongizatea ekarriko duen “elkarren arteko laguntza” sustatuko duten auzotasun-harremanak bultzatuz.

Pandemia-aldiaren ostean zaurgarritasun egoera handiaenean zeuden bizilagunak zer nolako egoeran aurkitzen ziren  jakiteko kezka sortu zen. Hainbat urtez hainbat proiektu eta dinamika aurrera eraman ondoren, behin baino gehiagotan  identifikatu genuen auzokideen eta auzoko gizarte-erakundeen arteko topaguneak eta elkarri laguntzeko sareak sortzeko beharra.

Behar horretatik abiatuta eta egoera horretan dauden bizilagunen arteko loturak areagotzeko asmoz, Ibilaldi Osasuntsuak jarduera sortu zen. Asteazkenetan, goizeko 11etan, Ahateen Iturritik paseatzera irteten gara. Lortu da, batez beste, 10-12 adineko pertsona, gehienak bakarrik bizi direnak, talde batean kohesionatzea. Ibilaldi  hauetan, adineko pertsonekin batera, gizarte eta osasun erakunde zein  auzokide ezberdinak gerturatzen gara, haien beharrak ezagutuz eta hauetan, posible zaigun heinean, laguntza eskainiz. Jarduera honek, mugikortasun segurua sustatzeaz gain, isolamendua prebenitzea eta sozializazioa hobetzea du helburu. Gainera, antena ona da pertsonei laguntzeko.

Nola parte har dezaket ibilaldietan?

Ez da beharrezkoa izena ematea, zuzenean Ahateen Iturrian ager zaitezke.

Noiz dira Ibilaldi Osasuntsuak?

Asteazkenero goizeko 11etatik 12etara.

Zer egingo dugu paseoetan?

Beroketa labur baten ondoren ibili eta ariketa bat edo beste egin gorputza mugitzeko

… eta noski, hitz egin, elkar ezagutu, Alde Zaharreko proiektu eta jardueren berri izan!

eta eguraldi txarra egiten badu?

Ez kezkatu, beti dugu alternatibaren bat ez bustitzeko!

Paseoa akonpainamenduarekin egiten da?

“Alde Zaharrean Ekarzainduz” sarean parte hartzen dugun erakundeetako bat beti egongo da ibilaldian.

Norentzat da ibilaldia?

Elkarrekin paseatu nahi duen auzokide ororentzat.